Ados Pilotaren txapelketako bi partida jokatuko dituzte Azkoitian

Intza Trula 2024ko mar. 22a, 09:37
Barrokal-Agirre eta Aldaregia-Ruiz Larramendi Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatutako kanporaketa partidan. (Nerea Uranga)

Igandean, 11:30etik aurrera izango dira lehiak, Gurea pilotalekuan. Kantxara aterako diren pilotarien artean daude Naroa Agirre arroarra eta Eneritz Arrieta azkoitiarra.

Emakumeen Eskuz Binakako Txapelketaren bi kanporaketa jokatuko dituzte igandean Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Ados Pilotaren –emakume pilotari profesionalen elkartearen– eskutik. 11:30ean hasiko da lehen neurketa, eta jarraian izango da bigarrena. Ikustera joan nahi dutenek sarrerak bost euroan eskuratu ahal izango dituzte.

Orain arteko binakako txapelketarik luzeena antolatu du Ados Pilotak hirugarren edizio honetarako. Hain justu, abenduaren 16an ligaxka faseko lehen jardunaldia jokatu zuten Latasan (Nafarroa), eta otsailaren 17an, berriz, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan egin zuten. Orain, ligaxka faseko azken lehiak jokatuko dituzte Azkoitian. Apirilaren 7an Iruñeko Labriten eta apirilaren 13an Miarritzen (Lapurdi) izango dira finalaurrekoak, eta hil bereko 21ean finalak, Antzuolan (Gipuzkoa). Horrenbestez, guztira 58 partidak osatuko dute txapelketa. 

Lehen mailari dagokionez, zazpi bikote ari dira lehian, eta promozio mailan, lau. Ados Pilotan ari diren eskualdeko hiru pilotariak Naroa Agirre arroarra, Eneritz Arrieta azkoitiarra eta Oihana Orbegozo azpeitiarra dira.

Hori horrela, igandean bi kanporaketa partida ikusi ahal izango dira Azkoitiko frontoian. Alde batetik, Barrokal eta Agirre Etxekolonearen eta Mendibururen aurka lehiatuko dira. Bestetik, Zabaleta eta Zabala pilotariek osatutako bikoteak Arrietak eta R.L. Mujikak osatutakoaren aurka jokatuko du. 

Ados Pilota 2022an sortu zen emakume pilotariei "ikusgarritasuna" emateko eta "frontoiak emakumeenak ere badirela erakusteko, berdintasunean eta duintasunez jokatu ahal izateko testuingurua sortzeko xedez". Ordutik, ibilbide "polita" egin du elkarteak, eta igandean, "emakume pilotarien kirol ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek".