Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea erabat irekiko da gaur 20:00etatik aurrera

Andrea Zipitria 2024ko mar. 25a, 18:59
Getaria eta Zarautz artean trafikoa arautzeko N-634 errepidean jarri duten semaforoetako bat. (UKT)

Aste Santuak irauten duen bitartean, bi erreiak irekita izango dira Zarautz eta Getaria lotzen dituen N-634 errepidean. Gaur 20:00etan itzuliko da normaltasunera errepidea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu duenez, gaur 20:00etatik aurrera erabat irekiko da Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea. Apirilaren 2ra bitartean egongo da erabat zabalik errepidea. Apirilaren 3tik aurrera, berriz, errepideak noranzko bakarreko txandakako zirkulaziora itzuliko da. Semaforo bidez erregulatuko da orduan, horma konpontzeko azken lanak egin ahal izateko. 

Halaber, bihar errei batean mozketa puntualak egingo dituzte egunean zehar.

Luizi baten ondorioz erabat itxi zen errepidea ibilgailuentzat nahiz oinezkoentzat otsailaren 11n, ordutik hainbat gorabehera eduki ditu zirkulazioak.