Marisa di Santo: "'Bertakoa Interneten aurka' izan da nire ardatza"

Julene Sorarrain 2024ko api. 24a, 10:00
Marisa di Santo 'Gertutasuna' erakusketan, Torre Luzean. (Julene Sorarrain)

Marisa di Santo argazkilariak bere azken lana aurkeztu du Torre Luzeako erakusgelan. Gertutasuna lanak Zarauzko merkatarien eta dendarien argazki sail bat jasotzen du. Erakusketa ikusgai egongo da maiatzaren 19ra bitartean.

Aurtengo Argazki Bilerak lau erakusketa berri ekarri ditu herrira, argazkigintza dokumentalaren eta kontzeptualaren ingurukoak. Horietako bat da Zarauzko Argazkizale Elkarteko kide Marisa di Santorena (San Lucido, Italia, 1971). Merkataritzaren eta bertako kontsumoaren inguruan gogoeta egitera gonbidatzen du 56 argazkik osatzen duten lanak.

Gertutasuna-k zentzu bikoitza izan dezake. Batetik, gertutasun fisikoa adieraz dezake, argazkietako salerosketa guneak herrian daudelako, herritarren etxeetatik gertu. Bestetik, gertutasuna sentimendu bat ere izan daiteke. Ez da gauza bera eskulangile batek bere produktuak saltzea edo erosketa online egitea, inolako harremanik izan gabe. Zer esanahi du hitz horrek zuretzat? Eta nola ikusten da islatuta zure lanean?

Apur bat jolastu dut gertutasuna hitzaren esanahiarekin. Lanaren helburua izan da herritarrek erosketak Zarautzen egiteko kontzientzia hartzea. Beraz, gertutasuna hitza dendak hemengoak direlako aukeratu dut, eta askoz gertukoagoa delako denda batera sartzea eta aurrez aurre hitz egitea dendariarekin. Pertsonak beraien lan eremuan erretratatu dituzu.

Denak kamerari begira daude aurrez aurre, eta ez dira lanean ari. Zergatik erabaki duzu konposaketa hori erabiltzea?

Proiektu batekin hasten naizenean, oro har erretratuak egiten ditut. Niretzat erretratu bat pertsonak kamerari begiratzen dionean egiten da; hori da gakoa. Ni dendan sartzen naizen momentuan, beraiek lana egiteari uzten diote. Aurretik beraiekin hitz egiten dut proiektua azaltzeko asmoarekin, eta arreta nigan jartzen dute. Hori da erretratua, pertsonak begirada kameran duen unea.

Erretratu bat egiteko orduan, zein elementu bisual edo kontzeptual izan ohi dituzu kontuan? Zer helarazi nahi duzu argazkien bitartez?

Kasu honetan, giroko erretratuak dira. Pertsonaz gain, ikusleak denda zein den jakitea nahi nuen, zer saltoki mota den; alegia, dendaria bere berezko giroan jasotzea nahi nuen, herritarrek identifikatu ahal izatea. Atzealdea adierazgarria izatea zen nire asmoa.

Zergatik egin dituzu argazkiak zuri-beltzean?

Esan dezagun nire lanaren ezaugarri bat dela; zuri-beltza biziki gustuko dut. Lankideek beti esaten didate: "Koloreetakoak ateratzen hasi beharko zenuke". Baina nire ohitura argazkiak beti zuri-beltzean egitea da. Autore handiek diote koloreak maiz distraitu egiten gaituela, baina ez dut uste horregatik denik… Gustu pertsonala da. Baditut koloreetako argazkiak ere. Adibidez, lore bati argazkia ateratzean, zailagoa da zuri-beltzean egitea. Erretratuak bereziagoak dira.

Erakusketako argazki batzuk orain dela pare bat urtekoak dira, beste batzuk berriagoak… Noiz erabaki zenuen proiektu honi hasiera ematea? Eta zergatik erabaki zenuen merkatariak erretratatzea?

Orain dela urtebete ekin nion egitasmoari; proiektuei beti urte bat eskaintzen diet. Luzeagoak direnean, garrantzia galtzen dute. Egia da argazki batzuk zaharragoak direla. Horiekin hasi nintzenean, Photomuseumeko zuzendariak interesa zuela esan zidan, eta momentu hartan erabaki nuen proiektuari hasiera ematea. Bide hori jarraitu eta Zarauzko merkatariak eta dendariak abiapuntu bezala hartu nituen. Proiektuaren ardatz bezala, ‘bertakoa Interneten aurka’ aukeratu nuen, eta merkatariak horren eredu dira.

Zein da zure lotura edo konexioa irudietako pertsonekiko? Nola iritsi zara haiengana?

Hori erraza izan da. Esan beharra dut erakusketan ageri diren pertsonek oso aktibo parte hartu dutela. Denda batera sartzen nintzenean eta proiektua azaltzen nien bakoitzean, guztiz liluratuta geratzen ziren; arreta pizten zien gaiak. Batzuetan zuzenean sartzen nintzen ni dendetara, baina beste kasuetan lagunen bitartez ezagutu ditut dendariak. Hala ere, ez dut inolako arazorik izan; oroitzapen onak gorde dituzte partaideek.

Gertutasuna lanaren bitartez, erosleak euren erosketa ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi dituzu, eskura dituzten esperientziak baloratzera. Zu zeu herri txiki batetik zatoz, eta herri merkataritza herriko kulturaren eta ohituren parte da: merkatura joatea supermerkatura joan beharrean, lekuko diseinatzaile bati erostea multinazional handi bati erosi beharrean, apurtutako zerbait konpontzea berri batekin ordezkatu beharrean…

Nire jaioterria txikia da, Zarautz baino txikiagoa. Euskal Herrian denda txikiak daude, baina batzuk ireki eta urtebetera itxi egiten dira. Dena den, herrian lotura sortzen da negozio txiki bat irekitzeko arriskua hartzen dutenekin. Proiektu hau ez da beraiei laguntzeko, kontua ez da hori. Niri betidanik gustatu izan zait denda txikietan erostea, saltzailearekin harremana sortzea. Batzuetan saihetsezina da Internet bidez erostea, ezin duzulako herrian aurkitu bila ari zarena. Baina, esaterako, semeari opari bat erosi nahi badiozu, seguru jostailu dendak badaudela herrian.

Dirudienez, harreman berezia duzu zure lanarekin. Agian, zure jaioterriko zerbait gogorarazten dizu, nostalgiaren bat…

Beti sentitzen dut nostalgia. Itsasoa ondoan duen herri batean bizi naiz, jaio nintzen lekuan bezala, eta bai, parekotasunak dituzte bi lekuek. Itsasoa, gertuko pertsonak... Proiektu bat egiten dudan bakoitzean, ezinezkoa da sentimenturik gabe egitea.

Zarauzko Argazkizale Elkarteko kidea zara. Betidanik praktikatu al duzu argazkilaritza?

Argazkilaritza betidanik interesatu zait, batez ere argazkilaritza humanista. Izan ere, ikasketa humanistikoak egin nituen; pertsonak gustuko ditut. Italian bizi nintzenean ere argazkizale elkarte bateko kide nintzen, eta, beraz, hona etorri nintzenean argazkilaritzarekin zerikusia zuen zerbait bilatu nuen. Arte hau bakarrik praktika dezakezu, baina nik besteekin partekatu nahi nuen, nire lana beraienarekin elkarbanatu. Zarauzko Argazkizale Elkarteak asko lagundu zidan hona etorri nintzenean, nire jaioterriarekin nuen distantzia horri aurre egiten. Hemen bizi naiz orain, baina etxean egiten nuenarekin jarraitzen dut.

Nola interpretatzen duzu argazkilaritza?

Argazkilaritza estetika dela diote, eta ez da horrela niretzako. Argi dago konposizioa garrantzitsua dela, eta hori diziplina honen inguruan ikasi dudalako dakit. Baina esan dezagun nire interesa ez dagoela estetikan, niretzat pisu handiagoa du arte honen bitartez zerbait helarazteak. Egunsenti batek, eguzkia atzean duela, ez nau erakartzen. Paisaiak ere egiten ditut, baina niretzat lan dokumentala eta humanistikoa dira garrantzitsuenak. Nire helburua da argazkilaritzaren bitartez zerbait transmititzea.