Igoera faseko finalerdietarako txartela lortu du Domusa Teknik ISBk

Nerea Uranga 2024ko api. 26a, 15:32
Domusa Teknik ISB Fustecma Castello taldearen kontra gaur. (FEB)

Igoera faseko multzoko lehen bi jardunaldiak irabazi ditu Iraurgik, eta multzoko liderraren postuari helduta, finalerdietara igaro da. Igandean jokatuko du finalerdia beste multzoan bigarren sailkatzen denaren kontra.

Bikain ari da Domusa Teknik ISB Espainiako saskibaloiaren bigarren liga garrantzitsuenerako igoera fasean. Ligaxkako bigarren jardunaldia ere irabazi egin du Iraurgiren emakumeen taldeak, 48-54 hartu du mendean gaur Fustecma Castello. Gainera, Intza Lizarazu kapitaina izan da gaurko partidako jokalari onena, 15 puntu sartuta, eta 22 puntuko balorazioarekin. Iraurgikoentzat nahiko gaizki hasi da partida, eta lehen bi laurdenetan aurretik izan dituzte aurkariak, 11-7 eta 16-14. Horrenbestez, sei puntu aurretik izan dira Castellokoak atsedenean (27-21). Neurketaren hirugarren laurdenetik aurrera puntuak eskuratzen joan da Domusa Teknik ISB, baina hala ere bi puntu gutxiagorekin izan da azken laurdena hasi aurretik. Partidaren azken zatian, kontrako taldekoek baino saskiratze gehiago sartu dituzte (11-19), eta finalerdia jokatzeko txartela eskuratuta bukatu dute. Luis Agirre Katxi entrenatzaileak partidaren bukaeran adierazi du, kostatutako garaipena izan dela, eta oso pozik daudela.

Ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia bihar (13:15) jokatuko dute Maristas Coruñaren kontra. Biharkoan ez dute ezer jokoan izango, baina "igoal-igoal borrokatuko" dutela esan du Iraurgiren entrenatzaileak.

Finalerdia, berriz, igandean, 16:00etan, jokatu du Domusa Teknik ISBk beste multzoko bigarren sailkatuaren kontra.

Atzo, ligaxkako lehen jardunaldian, 51-55 gainditu zuten Iraurgiren emakumeek Miralvalle Plasencia, gorabehera askoko neurketaren ondoren