BIKOTE MISTOEN TRIATLOIA

Zarauzko Bikote Mistoen Triatloian guztiak txapeldun

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ira. 24a, 14:33

Nik Tri elkarteko kideek kirolariek egindako denborak jaso dituzte, baina ez dute sailkapenik argitaratu. Izan ere, "lehiakortasuna alde batera utzi" eta "parte hartzaileak eroso eta gustura" aritzea izan da helburua.

Gaur eguerdian jokatu da Bikote Mistoen Triatloia, Nik Tri elkarteak "triatloiaz gozatzeko" asmoz antolatua. Aurtengoa bigarren edizioa izan da, eta xedea bete dute antolatzaileek, ia 500 parte-hartzailek gogotik gozatu baitute triatloian zehar. Batzuk triatloian lehen urratsak eman dituzte, eta beste batzuk berriz eskarmentu handikoak dira; hala ere, guztientzat egon da tokian gaurko hitzorduan, eta hasierako ohiko urduritasunari irribarreek eta triatloia osatu izanaren pozak eman diote bidea. Kirolariek egin dituzte 350 metro igerian, zazpi kilometro bizikletan eta 2.250 metro korrika. Iazko ibilbide bera izan da aurtengoa, baina triatloiaren ordez duatloia egin zuten orduan; izan ere, itsasoaren egoera dela-eta igeriketako zatia kendu behar izan zuten behin proba hasita.

Gaur, parte hartzaileek txandaka, taldetan banatuta, abiatu dute uretako proba 11:30ean; askorentzat lehen aldia zenez, antolatzaileek zehatz mehatz azaldu dizkiete probaren nondik norakoak, triatloian zehar galduta sentitu ez zitezen. Hondartzara iritsi orduko, gainera, jende asko izan dute zain animo oihuen artean harrera egiteko, eta ibilbide osoan zehar ere ikusleen babesa sentitu dute.

Nik Tri elkarteko kideek kirolariek egindako denborak jaso dituzte, baina ez dute sailkapenik argitaratu. Izan ere, "lehiakortasuna alde batera utzi" eta "parte hartzaileak eroso eta gustura" aritzea izan da helburua.

Erlazionatuak