Zestoako kiroldegiko frontoiaren estalkia berritzeko lanak berriro atera dituzte lehiaketara

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 25a, 16:02

Azaroko udalbatzarrean aho batez onartu dituzte deialdi berriaren oinarriak. Ekainean egin zuten lehen ahalegina, baina orduan hutsik gelditu zen lehiaketa, eraikuntzako materiaken garestitzeak eraginda. Azaroaren 25eko adierazpena ere aho batez onatu zuten udalaren atzoko osoko bilkuran; Urola Aktiboa taldeak 5G teknologia dela-eta aurkeztutakoa, aldiz, atzera bota zuten, eta Udal Gobernuak mozio horren gainean prestatutako egokitzapena onartu zuten.

Kiroldegiko pilotalekuaren estalkia berritzeko lanak bigarrengoz aterako ditu lehiaketara Zestoako Udalak. Horrela erabaki zuten atzo, aho batez, azaroko udalbatzarrean; gaurtik aurrera, 26 eguneko epea izango dute eraikuntza enpresek beren proposamenak aurkezteko, eta horrenbestez, abenduaren 21erako jakingo luke udalak obrak egiteko moduan izango diren ala ez.

Izan ere, joan den ekainean egin zuen lanak esleitzeko lehen ahalegina udalak, baina orduko hartan hutsik gelditu zen lehiaketa, hornigaien eta materialen garestitzeak eraginda, eraikuntza enpresek ez zutelako proposamenik aurkeztu. Lehiaketa "berriro hutsik gelditzeko arriskua" ezin dutela baztertu kontuan hartuta ere, deialdi berria prestatzeko hainbat kontu "aztertu" dituztela azaldu zuen atzo Mikel Arregi alkateak; eraikuntzako eragileekin eta enpresekin hitz egin dute, eta lanen proiektua egin duen ingeniaritza etxeak ere azterketa bat egin du bere aldetik, proiektua moldatzeko. Orain onartu duten lehiaketarako deialdiaren oinarrietan eguneratu egin dute aurrekontua; 1.247.843 eurokoa da kopuru berria, aurrekoa baino %15 garestiago. Lanen helburua, aldiz, hasierako bera da: teilatu zaharrak duen amiantoa erretiratu lehendabizi, estalki osoa berritu, eta ondoren, eguzki plakak jarriko dituzte bertan.

Mozioak

Bi mozio onartu zituzten atzoko udalbatzarrean. Batetik, gaurko egunari lotuta, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko adierazpena aho batez onartu zuten; hau da Zestoako Udalak Azaroaren 25a dela-eta onartutako mozioa.

Bestetik, atzo jorratu zuten Zestoakoan Urola Aktiboa taldea 5G teknologiaren ezarpena atzeratzeko eskatuz eskualdeko udaletan aurkezten ari den mozioa. Talde horretako kiderik ez zen izan udalbatzarrean. Haiek aurkeztutako mozioa atzera bota, eta Udal Gobernuak mozio horren gainean prestatutako egokitzapena aurkeztu eta onartu zuten, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJkoen abstentzioarekin.