6,2 milioi euroko aurrekontua onartu du Zestoako Udalak 2023rako

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 3a, 13:59
2023ko aurrekontuak bozkatzeko unea, atzoko udalbatzarrean. (Mailo Oiarzabal)

%4ko igoera izango du iazkoarekiko. Gehien haziko den aurrekontuaren atala, %10, gizarte politikiei zuzendutakoa da, eta 900.000 euro bideratuko dituzte inbertsioetara; kiroldegiko estalpe berrirako gorde dute kopururik handiena. Maiatzeko udal hauteskundeak kontuan hartuta, "ondoren sortuko den Udal Gobernuak aurrekoaren hipotekarik izan ez dezan" osatutako aurrekontuak dira, Mikel Arregi alkatearen esanetan. EH Bilduren Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu zituzten aurtengorako kontuak atzo, ez ohiko udalbatzarrean; EAJk kontra bozkatu zuen, Udal Gobernuak hainbat gaitan egindako "kudeaketarekin desados".

Atzo, ez ohiko udalbatzarrean, onartu zuen 2023ko hasierako aurrekontua Zestoako Udalak. EH Bilduren Udal Gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte aurtengorako kontuak; EAJk, oposizioko talde bakarrak, kontra bozkatu zuen atzo, Udal Gobernuak hainbat gaitan egindako "kudeaketarekin desados".

6.251.953 euro da udal aurrekontu berriaren kopuru osoa; 2022ko aurrekontuarekiko %4ko igoera izango du aurrekontu berriak. Kopuru horren zatirik handiena, ohi denez, pertsonalak, ondasun arruntek eta zerbitzuek bereganatuko dute. Inbertsio errealetara bideratutako partida da zerrendan hurrengoa: 900.152 euro aurreikusi dituzte inbertsioetarako, iazko hasierako aurrekontuan baino 120.000 euro gutxiago.

"Maiatzaren 28an udal hauteskundeak direla kontuan hartuta eta 2023ko aurrekontuen zatirik handiena datorren legealdian kudeatuko denez, aurrekontu hauek era irekian landu" dituztela nabarmendu zuen atzo Mikel Arregi alkateak, "betiere ikuspegi demokratikoa lehenetsiz" eta ondoren sortuko den Udal Gobernuak aurrekoaren hipotekarik izan ez dezan". Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak, bere aldetik, "aurrekontuetan gauza asko oso egokiak" iruditzen zitzaizkiela esan zuen, baina kritiko azaldu zen Udal Gobernuak onartutako hainbat proiektu nola kudeatu dituen ikusita, eta horretan oinarritu zuen bere udal taldearen ezezkoa. Euskalitekin abiatutako kudeaketa aurreratuaren proiektua, kultur azpiegituren gaineko erabakien luzamendua eta kiroldegiko estalpeaa berritzeko proiektua jakinarazteko moduak aurpegiratu zizkion, adibide gisa, Udal Gobernuari.

Proiektu eta partida berriak

Gizarte politiken arloaren aurrekontua da aurrekoarekin alderatuta 2023an gehien haziko dena, %10, eta hori ere nabarmendu zuen Arregik. Igoera horren barruan, hiru partida berri azpimarratu ditu Udal Gobernuak. Batetik, "larrialdi etxea" martxan jarriko du udalak; ez da "leku fisiko" bat izango, alkateak zehaztu zenez, berehalako erantzuna eskatzen duten gizarte larrialdi egoerei erantzuteko baliabideak baizik, eta 15.000 euro jarri dituzte horretarako aurrekontuan. Bestetik, nerabeen arretarako Hurbilduz programa martxan jarri nahi dute aurten, eta 5.000 euroko partida onartu dute horretarako; Getariko eta Aizarnazabalgo udalekin lankidetzan eta partekatuta eskainiko du zerbitzu hori Zestoako Udalak. Azkenik, Udalak San Juan Fundazioarekin 1990eko hamarkadatik duten "zaharkitutako" hitzarmen eredua aldatu eta hitzarmen berria egingo dute; hitzarmen berria "herriko zaintza sistema kudeatzeko" egingo dute eta 50.000 eurokoa izango da.

Kultura, ondare eta euskara arloetan ere lau partida berri gehitu dituzte 2023ko aurrekontuan: Euskara Foroak sustatutako kulturartekotasun eta herri curriculumaren proiekturako, kultur transmisiorako, eta Urepelekin senidetzeko egitasmorako kopururik ez dute zehaztu momentuz, horiek "kreditu aldaketetan zehaztuko" dituzte aurrerago; Baioko eta Amaldako indusketa arkeologikoetarako, berriz, 4.000 euro jarri ditu udalak 2023rako. Gertuko memoria lantzeko Aranzadirekin duen hitzarmenaren barruan 18.000 eurokoa izango da aurtengo diru poltsa.

Inbertsio nagusiak

Zestoako Udalaren 2023ko aurrekontuetan inbertsioetarako jasotako proiektu eta partida nagusiak hauek dira:

  • Kiroldegiko estalpe berria: iaz adjudikatutako 1.160.000 euroei 150.000 euro gehitu dizkiote.
  • Endoiako bidearen zati bat eta Zubimusu kalea asfaltatzea: 50.000 euro.
  • Zubimusu azpiko eta ibai gaineko pasabidea konpontzea: 45.000 euro.
  • Aurrekontu parte hartzaileetan erabakitako inbertsioak:
    • Arroaerrekako aparkaleku berria: 25.000 euro.
    • Uztapide plaza ondoko parkea berritzea: 23.000 euro.
    • Aizarnako galtzada harriak eta espaloia konpontzea: 24.000 euro.
    • Ibañarrietako argiteria berritzea: 4.500 euro.
  • Zubiaurreko aisiagunea: 12.000 euro.
  • Arroabeko Sakulupe parkea berritzea: 10.000 euro.
  • Udal eraikinetan berotze sistemak energia berriztagarrietara aldatzea: 10.000 euro.
  • Etorra bailarako ur horniketarako lanak: 21.000 euro.
  • Ibañarrietako Astotxiki bidea berritzea: 20.000 euro.

Gaztetxearen lekualdatzea dela-eta

Udaberrian eratuko den Udal Gobernu berriari "hipotekarik ez" uzteko filosofiaren barruan, besteak beste, inbertsioen atalean sartu dituen beste bi partidari –Kaleokerreko utzitako etxebizitzen esku hartzerako eta Gaztetxearen lekualdaketarako partidak– ez diete kopuru zehatzik ezarri.

Azken horri dagokionez, Gazte Asanbladak Gaztetxea eliz ondoko Zentrora eramateko duen proposamena tarteko, Gotzaindegiarekin bi bilera egin dituztela azaldu zuen Arregik atzoko udalbatzarrean, eta udalak Elizari Zentroa alokatzeko proposamena egitea aztertzen ari direla aurreratu zuen, Gaztetxea hara lekualdatzearen gaia "udalaren esku ez" dagoela esan bazuen ere. Horrekin lotuta, aurrekontuak bozkatu ondoren, Mendizabalek hartu zuen hitza. Udal Gobernuari jarrera garbirik ez hartzea leporatu zion: Zentroa "gaztetxe baten ohiko jarduerak" egiteko azpiegitura egokia ez dela onartuta –kontzertuak aipatu zituen–, Gaztetxea han kokatzearen alde dauden ala ez argitzeko eskatu zuen jeltzaleen bozeramaileak.