Ertzaintzak sei lagun identifikatu dituela salatu du Zestoako Gazte Asanbladak

Julene Frantzesena 2023ko ots. 23a, 08:29
Zestoako Zentroa.

Asanbladako hainbat gaztek egun batzuk daramatzate Zentroko lokalean sartuta, eta atzo, 20:00 aldean, Ertzaintza bertaratu zela salatu dute. Asanbladako sei lagun identifikatu dituztela eta Ertzaintzak "jarrera oso bortitza" izan duela salatu dute.

Zestoako Gazte Asanbladak salatu duenez, atzo 20:00 aldean Ertzaintza joan zen Zestoako plazara. Izan ere, asanbladako hainbat gaztek egun batzuk daramatzate Zentroko lokalean sartuta. Horren harira joan ziren ertzainak hara, eta asanbladak azaldu duenez, sei lagun identifikatu zituzten horiek. "Asanbladako kide bati bortizki heldu eta objektu pertsonalak kendu dizkiote, eta horren aurrean, hainbat kide gerturatu eta ertzainek horiek identifikatu dituzte".

Zestoako Gazte Asanbladak Twitterren eskegitako bideo batean jakinarazi duenez, Ertzaintzak "jarrera oso bortitza" izan du, eta gazteak beldurtzeko "estrategia desberdinak" erabili ditu. "Minutu batzuetara, Zentro barruan zeuden gazteei handik irteteko eskatu die, hala egin ezean asanbladako kide bat eramango zutela mehatxatuz. Hala ere, ezezkoa eman dutenean, ertzainak joan egin dira herritik". Asanbladako kideek "jasan duten indarkeria poliziala gogor" salatu dute, eta "behin betiko soluzioa eman arte borrokan" jarraituko dutela berretsi dute.

Urtebete baino gehiago da Gazte Asanblada Gaztetxea Zentrora lekualdatzea eskatzen ari dela. Udal Gobernuarekin eta Elizarekin hiruko mahaia osatua du asanbladak, baina gazteek salatu dutenez, prozesuaren amaiera mugagabeki luzatzen ari da. Horregatik sartu dira Zentrora. Gainera, Zentrora sartu izanak sor ditzakeen kezkak eta galderak argitzeko, batzar irekia antolatu du asanbladak ostiralerako; Alonderoko aretoan izango da, 19:00etan.