GRIko langileek lana gal dezaketelako kezka azaldu du Zestoako Udalak

Nerea Uranga 2023ko mar. 10a, 09:26
GRI enpresa, Arroa Beheko Sansinenea industrialdean.

GRI enpresak itxiera espedientea martxan jarri duela eta, Zestoako Udal Gobernuko ordezkariak enpresarekin bildu dira.

Arroabeko Sansinenea industrialdean dagoen GRI enpresa itxi eta hango 61 beharginak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko duela iragarri zuen joan den asteartean enpresak. Erabaki horren aurrean, Zestoako Udalak bere "kezka" adierazi nahi du, bertan dauden 61 beharginek euren lanpostua gal dezaketelako.

Horregatik, atzo, osteguna, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Marga Eizagirre zinegotzia enpresako zuzendaritzarekin bildu ziren, eta udalaren kezka adierazteaz gain, "langileekin akordiora iristeko eta enpresaren lan jarduna ez eteteko ahalegina egiteko" eskatu zioten enpresakoei. Udalak azaldu duenez, atzoko bileran enpresako zuzendaritzako ordezkariek "urteetako galeren" berri eman zien udal ordezkariei, eta dauden "zirrikitu guztiak aztertu" eta langileekin "akordiora iristeko ahalegina" egingo dutela adierazi zien.

Zestoako Udalak gogorarazi du, udalerriaren eremuan ematen den "jarduera ekonomiko oro" eta, ondorioz, "lanpostuak sustatu eta zaindu" nahi dituela, jarduera horrek bete beharreko "berme guztiak errespetatzen" dituela zaintzearekin batera.