2023ko udal eta foru hauteskundeak

Zestoako EH Bilduk talde "langilea eta gertukoa" osatu du hauteskundeetarako

Ihintza Elustondo 2023ko api. 22a, 09:00

Mikel Arregi egungo alkatea buru duen eta belaunaldi berriei bide eman nahi dien taldea prestatu du koalizioak. Azken agintaldian herritarrei hitza ematen, "gobernantza eredu ireki" bat lantzen, saiatu direla nabarmendu dute, eta bide beretik jarraitzea da EH Bilduren asmoa.

Zestoako EH Bilduk datozen udal hauteskundeetarako hautetsien zerrenda aurkezteko ekitaldia egin zuen atzo, ostirala, udaletxearen azpian. Aurkezle baten gidaritzapean, lehenik, azken agintaldian udalean izan diren zinegotziak eta Mikel Arregi alkatea atera ziren jendaurrera; haiek egindako lana eskertu zieten bertaratutako hainbat eta hainbat lagunek, txalo zaparrada batekin.

Poesiarentzako eta musikarentzako tartea ere izan zen, baita bertsoentzako ere: "Omenaldiak nahiz lotsarazi / ezin ba ekin ukoa / helburu oro lortuko bada / jarraipena da gakoa/ talde berri bat osatu degu / langilea gertukoa / ilusioa berpiztu dadin / bada arrazoi nahikoa / esku honetan uzten baitugu / herriaren lekukoa", abestu zuen Aitor Salegi bertsolari eta gaur egun Zestoako Udaleko zinegotzi denak.

Horren ostean, datozen udal hauteskundeetarako prestatu duten zerrendako kideak aurkeztu zituzten banan-banan. Honako hauek osatuko dute EH Bilduren zerrenda: Mikel Arregi, Lorea Ilundain, Igor Plazaola, Beatriz Zubia, Aitor Osa, Iñaki Odriozola, Jone Exposito, Nerea Goikoetxea, Beñat Arakistain, Maialen Etxeberria, Marijo Azkue, Aitor Salegi, Amane Arrue eta Ruben Alberdi.

"Gobernantza eredu irekia"

Mikel Arregi egungo Zestoako alkateak eta datozen hauteskundeetarako alkategaiak hartu zuen hitza segidan. Hautes zerrenda osatzera animatu direnei eskerrak eman zizkien, eta agintaldiaren balantzea egin zuen. Agintea hartu zutenetik, "udal itxi eta hermetiko" bat eraikitzea baino, herritarrei hitza ematen saiatu direla nabarmendu zuen, "gobernantza eredu ireki" bat lantzen. "Parte hartze prozesu bat egin genuen, aholkularitza zerbitzu batekin, eta 300 herritar inguruk erantzun zuten; horri esker, udalak ibilbide orri bat dauka egun". Horren haritik, aurrekontu parte hartzaileak martxan jarri dituztela ere azpimarratu zuen.

Zestoak zaintza proiektua behar duela aipatu zuen, baina hori udalak "bakarrik ezingo" lukeela gauzatu ere esan zuen. Zaurgarritasun egoeran daudenak "ondoen herritik" zainduko direla adierazi zuen, eta bereziki eskertu zituen San Juan fundazioa, 3Z elkartea, Gisasola egoitza eta Osakidetza. Lankidetza ariketa goraipatu zuen.

Larrialdi klimatikoa ere izan zuen hizpide, baita paisaia eta elikadura burujabetza ere. Energiaren gaian ere jarri zuen arreta: aipatu zuen Goienerrekin hitzarmen bat sinatu zutela, eta "oso harro" daudela horretaz. "Udaletik haragoko komunitate bat sortu da, jende anitzak osatua, herri honetan kapital humano handia daukagulako. Gure apustua hori da. Guk herrian daukagun kapital humanoarekin egin nahi diegu aurre herrian ditugun erronkei. Izan ere, halakoetan, administrazio publikoaren joera izan ohi da kanpoko interes ekonomikodun multinazional eta enpresa handien esku uztea erronka horiek. Guk ez dugu apustu hori egingo; gu konbentzituta gaude Zestoan badagoela nahikoa jakinduria eta kapital humano erronka horiei aurre egiteko".

Etxebizitzaren gaia ere izan zuen mintzagai; besteak beste, esan zuen gazteek soldataren %50-60 teilatua ordaintzeko baliatu beharra "injustizia" dela, eta horri aurre egiteko, etxebizitza publikoak gauzatzeko asmoa dutela azpimarratu zuen. Memoria historikoaren gaian ere jarri zuen arreta. Aranzadirekin hitzarmena sinatuta dutela esan eta erakunde horren lana defendatu zuen. "Ez da duina herri honen sufrimendua arma politiko gisa erabiltzea". Min guztia aitortu behar dela nabarmendu zuen, bestela ez dagoela elkarbizitzarik argudiatuta. "Iragan iluna argitzeak etorkizun hobe baterako bidea egiten du".

Belaunaldi aldaketa

Amaitzeko, Arregik aipatu zuen hauteskundeak irabaziz gero eta alkatatetza errepikatzen badu, azken agintaldia izango duela datorrena Zestoako Udalean. Dena den, nabarmendu zuen "ilusioa" egiten diola politikan belaunaldi berriak inplikatu direla ikusteak. "Agintaldia belaunaldi trantsiziorako baliatu nahi dugu. Saiatuko gara ondorengoei jakinduria transmititzen".

Ondoren, belaunaldi aldaketa horren erakusle, Maialen Etxeberria zerrendako kideak hartu zuen hitza. Gazteen eta politikaren arteko deskonexioa izan zuen hizpide. "Gazteek politikarekiko sinesmena galdu dute, hainbat arrazoi tarteko. Denok sentitu dugu promesa asko eta ekintza gutxi egiten dituztela. Deskonexio hori ikusi dugu gazteen artean, baita Zestoan ere. Baina dena ez dira berri txarrak; hemen gaude, indarrarekin gatoz, trantsizio garai bat dator, aldaketa dator. Aldaketan sinesten dugu, lan eredu berri batzuk eta freskotasuna ekartzera gatoz", esan zuen.

Amaitzeko, Aizpea Aristik Dena aldatzen da abestia kantatu zuen, aldaketa horren erakusle.