Aldatu eta egokitu, jaiaz gozatzen jarraitzeko

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 3a, 09:10
Talde gorriko neska-mutilak txapel berriekin, iazko danborradan. (Anartz Izagirre)

Gaur arratsaldean ospatuko dute Zestoan Santa Kutz eguneko umeen danborrada. Haur guztien neurrira pentsatutako jantzi eta pertsonaia berriak estreinatuko dituzte, haurren parte hartze aktiboa indartuz.

Atzo gauean helduen danborrada ospatu eta gero, gaur umeen danborradaren txanda izango da Zestoan. 18:00etan hasiko da danbor festa; Arocena hotela zenaren parean elkartu eta handik hasiko da erdiguneko kale nagusienak zeharkatu ondoren plazan bukatuko den desfilea.

Urteak joan, urteak etorri, Zestoako Santa Kutz jaien osagai ezinbestekoa dira danborradak. Urteen joanean, badira bere horretan mantentzen diren gauzak, baina baita garaian garaikora moldatuz irauten dutenak ere, eta festak ez dira bilakaera horretatik kanpo gelditzen. Horren erakusle da Zestoako umeen danborrada. Hasieratik gaur arte, herritarrek –boluntario zein guraso– antolatu izan dute beti festa, udalaren ezinbesteko laguntzarekin. Hainbat antolatzaile eta hainbat aldaketa izan ditu danborradak, halabeharrez zein hautuz; azken horietako batzuk iaz gertatu ziren, eta joan den urtean ekindako bideak jarraipen borobilagoa izango du aurten.

Berdindu, denen neurrira

"Urte mordoxka da genero berdintasuna-eta kontuan hartzen hasi zirela danborradan, banderadunak eta kantinerak neska zein mutil izaten hasi zirela, adibidez", dio Naiara Expositok. Bera da danborradaren antolaketan iaz hasi zen guraso boluntario taldeko kideetako bat. Zestoan, 5 eta 12 urte arteko "ume guztiek" izaten dute danborradan parte hartzeko aukera, eta hori ahalbidetzeko neurriak ere hartu behar izan dituzte antolatzaile belaunaldi desberdinek. "Finean, garaian garaiko soluzioak bilatzen joan dira, une bakoitzean egokienak zirela iruditzen zirenak".

Iaz, antolatzaile talde berria danborradak "bateratasuna falta" zuela ohartu zen, jantzietan eta desfilearen egituran, besteak beste. Horri irtenbidea eman behar ziotela erabaki, eta joan den urtean bertan aldaketa batzuk egin zituzten: taldeak kolorezka banatu zituzten, banderadun guztiak berdin jantzi –Itxaropena dantza taldearen laguntzarekin–, eta txapel berriak egin zituzten talde gorriarentzat. 2022an denborak eta aurrekontuak baldintzatuta egindako aldaketa haiek talde barruko hausnarketa prozesu baten hasierako emaitzak izan ziren. 2023an jarraipena ematea nahi zieten, bai hausnarketari, bai aldaketei, eta horrela egin dute.

Pertsonaia berriak

Bi helburu nagusirekin aritu dira lanean umeen danborradaren antolatzaileak. "Bateratasuna lortzea eta genero aldetik roletan bereizketarik ez egotea" izan da helburuetako bat, "edozeinek betetzeko moduko rolak izatea; eta uniformeak, jantziak, ez izatea baldintza batek edo besteak danborradan irten ahal izateko". Beste helburua, berriz, "umeek danborradan parte hartze aktiboa edukitzea" izan da.

Helburu horiek betetzen laguntzeko asmoz egin dituzten aldaketak nabarmenagoak izango dira aurten. Itxurari lotutako bateratasunaren haritik, banderadun guztiek uniforme berria estreinatuko dute gaur, "denentzat berdina"; eta banderadunek zein danbor jotzaileek polaina beltz berriak eramango dituzte soinean. "Carlos Alkortak lau bozeto egin zizkigun, horietatik bat aukeratu, eta haren gainean aldaketa batzuk sartuta, egin ditugu banderadunen jantzi berriak", azaldu du Expositok.

Baina umeen parte hartze aktiboaren ildotik dator aurtengo berrikuntza handiena: genero estereotipoekin eta parte hartze aktiboarekin ondo ezkontzen ez zen kantineren rolaren ordez, zirikatzaileak sortu dituzte. Donostiako helduen danborradetan hain ohikoak diren sukaldari dantzarien rola herrira ekarrita, bainuetxearen bueltako turismoa puri-purian zegon Zestoa hartan oso ohikoak ziren lanbideak eta pertsonaiak irudikatuko dituzte zirikatzaileek: zerbitzariak, hoteleko mandatu-mutilak, jauntxo aberatsa eta emaztea, inudea, gidaria eta tren geltokiko nagusia, "bere lorotxo eta guzti". Dantza bat ere prestatu dute zirikatzaileentzat, eta antolatzaileak gustura daude; "kezka pixka bat" bazuten umeek nola hartuko zuten aldaketa, baina "entseguetan dena ematen eta pertsonaietan buru-belarri sartuta" ikusi dituzte.

Era berean, pozik eta eskertuta daudela dio Expositok, urte luzez danborrada antolatzen ibili ziren Olga eta Maria Angeles Goiak zein Kontxita Zunzunegik "hasieratik babestu" zutelako aldaketa. Gainera, Goia ahizpek, Petra Pozok, Mari Lurdes Alberdik eta Mari Lurdes Peñak zirikatzaileen "jantziak moldatzen eta" egindako lana goraipatu nahi dute antolatzaileek, baita "prozesu osoan" bidelagun izan duten Amaiur Aristirena ere.