2023ko udal eta foru hauteskundeak

Josu Elkoro: "Pozik izango ginateke hautetsi bat izango bagenu udalean"

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 17a, 09:00

PSE-EEk Zestoako Udalerako aurkeztu duen hautagaitzaren burua da Josu Elkoro (Mutriku, 1951) Zestoako bizilaguna. Alderdi sozialistari botoa eman nahi dioten zestoarrei "aukera" emateko aurkeztu direla dio.

PSE-EEren alkategai zara lehen aldiz Zestoan. Aurkeztu ezazu zeure burua.

Jaiotzez mutrikuarra naiz, eta urte askoan borrokan ibilia naiz Euskal Herriaren alde. Iparraldean egona naiz, baita kartzelan ere, eta Zarauzko udalean parte hartutakoa, estatutua lortu genuen garaietan. Demokrazia garaiko lehen udal hauteskundeetara aurkeztu nintzen Euskadiko Ezkerrarekin; lau zinegotzi atera genituen, eta alkateorde lan egin nuen lau urtez.

Zergatik hartu duzu orain Zestoan zerrendaburu aurkezteko erabakia?

Hamasei urte dira Zestoan bizi naizela, eta ikusten nuen PSE-EEren aukerarik ez genuela herrian. Hori izan da erabakia hartzeko arrazoi printzipala, zestoarrek aukera izan dezatela Euskal Alderdi Sozialista babesteko eta bultzateko.

Zeuk esan bezala, PSE-EEk ez du ordezkaritzarik udalean. Zer helburu dituzue hauteskunde hauetan?

Ezingo dugu lortu alkatetza, baina pozik izango ginateke hautetsi bat izango bagenu udalean. Pentsatzen dugu horrela beste oreka bat izango genukeela Zestoako Udalean. Guk parte hartuko bagenu, uste dugu EAJrekin eta EH Bildurekin bere jokabideetan duen itxitasuna galduko lukeela udalak.

Kanpotik ikusita, herritar gisa, zer balorazio egiten duzu azken udal agintaldiaz?

Auzoetan eta baserrietan sumatzen duguna da, adibidez, baserri bideak ez daudela batere txukun, bide horietan garbiketarik eta belar mozketarik ez da egiten abuztura arte. Bai geuretzat eta bai kanpotik etortzen den jendearentzat, bide horietatik ibiltzea arriskutsua da, eta pentsatzen dugu hori lehenbailehen egin beharreko lana litzatzekeela.

Herrian zer indargune eta zer gabezia ikusten dituzu?

Iruditzen zait udalaren funtzionatzeko eran ez dagoela askatasun handirik, eta uste dut hori EH Bilduren jokaera bat dela. Adibidez, Zestoan euskaraz ez dakien eta euskara menderatzen ez duen jende asko bizi da, eta inposaketa handia dago soil-soilik euskara erabili beharrarekin. Uste dut pixka bat eskuzabalagoak izan behar garela eta ezin dugula inposaketa hori eraman eguneroko bizitzara, jende askok benetako arazoak dituelako administrazioarekin harremanak izateko.

Udalean ordezkaritza lortuz gero, zeintzuk izango dira zuen lehentasunak?

Gehienbat, pluraltasuna. Batzuek eta besteek pentsatzen dutena kontuan izanik, herritarrok ahalik eta egitarau normalena eta elkarbizitza onena izateko aukera izatea.

Zergatik eman behar diote zestoarrek botoa PSE-EEri?

Botoa eskatu aurretik, Jesus Egiguren aizarnarrak herri honen bakearen alde egin duen lana gogoratzea nahi nuke; pentsatzen dut zestoarrek ere gogoratu eta babestu beharko luketela Egigurenek egindako lana, hura zestoar peto-petoa delako eta egin duen lana miresgarria delako. Haren oroimenez eskatzen dut botoa PSE-EErentzat.