Zestoako amabirjinak 2023

EH Sukarrak eta Lin Ton Taunek Zestoako plaza bete dute

Ane Olaizola 2023ko ira. 3a, 09:25

Lin Ton Taun, atzo, Zestoako Foru plazan. (Jabi Gonzalez Toston)

Zestoako Gazte Eguna borobiltzeko, kontzertu bana eskaini zuten atzo gauean EH Sukarra Eibarko eta Lin Ton Taun taldeek, eta primerako giroa nagusitu zen plazan. Gaur, berriz, Adinekoen Eguna ospatuko dute herrian. 

Zestoako amabirjinen atariko Gazte Eguna borobiltzeko kontzertu bana eskaini zuten atzo —larunbata— gauean EH Sukarra Eibarko taldeak eta Lin Ton Taun osatzen duten etxeko musikariek. EH Sukarra izan zen oholtzara igotzen aurrena, eta hark azken urteetako abestiak plazaratu zituen jendaurrean. Ondoren, zestoarren txanda iritsi zen, eta han bildutakoek gogotsu entzun zituzten taldearen abestiak. Herritar ugarik jarraitu zuten bataren zein bestearen zuzenekoa, eta primerako giroa nagusitu zen.

Gazte Egunaren aitzakian, jai giroan murgildu ziren atzokoan zestoarrak, eta gaur, berriz, Adinekoen Eguna ospatuko dute herrian. Besteak beste, herriko adinekoei oroigarriak banatuko dizkie udalak, eta aurten, Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue omenduko dituzte. Horrez gain, izango da bestelako ekitaldirik ere. Hemen ikus daiteke gaurko egitaraua:

Irailaren 3a, igandea. 

  • 10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
  • 12:30. Meza.
  • 13:15. Herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko zaizkie Foru plazan. Aurtengo omenduak Esperanza Benítez Doblado eta Pedro Igarataundi Unanue izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 urteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie. Ekitaldia Idiakaitz Txistulari Taldeak eta Itxaropena dantza taldeak alaituko dute.
  • Ondoren, harri-jasotzaileak plazan: Lur Errekondo, Lierni Osa, Maddi Gesalaga eta Naroa Arruti.
  • 14:30. Bazkaria Bainuetxean.
  • 18:00. Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa, plazan. Antolatzailea: Zestuko Trikitixa kultur elkartea.

EH Sukarra, atzo, Zestoako Gazte Egunean. (Jabi Gonzalez Toston)