Zestoako amabirjinak 2023

Irati Arcelus eta Mirari Plazaola nagusi, Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketan

Ane Olaizola 2023ko ira. 4a, 09:32

Adinduen Eguna ospatu zuten atzo Zestoan, eta arratsaldean Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa jokatu zuten bost bikotek, plazan elkartu ziren ehunka lagunen aurrean.

Zestoako Trikitixa kultur elkarteak antolatuta, Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldez herriko plazan, eta 20 urtez azpiko bost bikote igo ziren oholtza gainera, han elkartutako ehunka lagunei trikiti, fandango eta arin-arin pieza bana eskaintzera. Epaimahaiak hala ebatzita, Irati Arcelus eta Mirari Plazaola nagusitu ziren txapelketan, 121 punturekin, eta Lazkaoko eta Arrasateko trikitilariek jantzi zituzten txapelak.

Bigarren postua, berriz, Janire Segurola eta Elaia Diaz hernaniarrak eta astigartarrak lortu zuten, 116,5 punturekin, eta hirugarren postuan geratu ziren Villabona-Errenteriako bikote Maitane Iturrioz eta Eider Amenabar, 109 puntu eskuratuta. Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi azkoitiarrak zein Ane Urbieta eta Maialen Larrañaga zestoarrak izan ziren txapelketan parte hartu zuten beste bi bikoteak, eta antolatzaileek herrikideei banatzen dizkieten Zestoako Saria jaso zuten azken bi musikari horiek.

Amabirjinen atariko asteburu betearen barruan jokatu zuten atzo arratsaldean Zestoako Trikitilari Gazteen XI. Txapelketa; Adinduen Egunean, hain zuzen ere. Gazte Egunaren biharamunean, adinekoak izan ziren protagonista, atzo, Adinduen Egunean, eta besteak beste, udalak oroigarriak banatu zizkien 85 urtetik gorako herritarrei.