35 proposamen aurkeztu dituzte Zestoako aurrekontu parte hartzaileetarako

Mailo Oiarzabal 2024ko ots. 28a, 16:14

Aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak aurkezteko batzar irekia atzo egin zuten udaletxeko areto nagusian. (Zestoako Udala)

Guztira 23 herritarrek egin dituzte proposamenak 2024ko udal aurrekontuaren 60.000 euro zertarako erabili erabakitzeko prozesuan. Udalak hilabeteko epea du orain aurkeztutako proposamen guztiak aztertzeko eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa egiteko, bozketa fasea martxan jarri aurretik.

35 proposamen 23 herritarren edota elkarteren eskutik. Horiek dira Zestoako 2024ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren lehen faseak utzi dituzten emaitzak.

Otsailaren hasieratik hilaren 21a arte aurkeztu ahal izan dizkiote zestoarrek udalari beren proposamenak, eta atzo, proposamenak aurkeztu dituzten herritarrek horiek azaltzeko, defendatzeko eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten udaletxean, prozesuko lehen bilera irekian. Siadecoko Juanjo Allurrek gidatutako batzar horretan, gainera, Mikel Arregi alkateak eta Irati Peñagarikano udal arkitekto teknikoak proiektu bakoitzaren inguruko azalpenak eman zituzten.

Herritar edo elkarte bakoitzak gehienez bi proposamen aurkezeko aukera izan du azken asteotan, eta proposamen bakoitzak bi baldintza hauek bete behar zituen: inbertsio izaera izatea, eta inbertsioak 15.000 euroko kopurua ez gainditzea.

Aukeratutakoak, apirilaren 9an

Udalak hilabeteko epea du orain, martxoaren 27a arte, aurkeztutako proposamen guztiak aztertzeko eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa egiteko, bozketa fasea martxan jarri aurretik.

Hain zuzen ere, apirilaren 9ko 19:00etan jakinaraziko ditu udalak atzo aurkeztutakoen arteko zer proposamen pasatuko diren bozketa fasera. Apirilaren 10etik 26ra arte eman ahalko dute herritarrek gustuko dituzten proposamenen aldeko botoak, eta apirilaren 30ean aurkeztuko ditu udalak bozketaren emaitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide