2023ko udal eta foru hauteskundeak

Udal hauteskundeen lanketa berezia egingo du Urola Kostako Hitzak datozen asteetan

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 09:00

Maiatzaren 28ko udal eta foru bozen harira, hainbat egitasmo egingo ditu Urola Kostako Hitzak. Eskualdeko 11 herrietako alkategaien elkarrizketak kaleratuko ditu Hitzak egunkarian, hilaren 9an, astelehenean hasita. Bozen egunean jarraipen berezia egingo du hedabideak, eta biharamunean egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak.

Urola Kostako Hitzak hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat eduki eskainiko ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa.

Hauteskundeen atarian eskualdeko 11 herrietako alkategaiei egindako elkarrizketak kaleratuko ditu Hitzak. Hain zuzen ere, datorren astelehenean hasita, herriz herri aurkeztu diren zerrendetako buruei egindako elkarrizketak kaleratuko ditu egunkarian, baita webgunean ere, bideoz lagunduta.

Hauteskunde eguna eta biharamuna

Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Urola Kostako Hitzak webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Urola Kostako hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, bozen gauean zuzenean eskainiko ditu herriz herriko emaitzak Hitzak webgunean, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.

Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu webgunean.