Gaztetxearen lekualdatzea dela-eta "borondate eza" egotzi dio Gazte Asanbladak Zestoako Udalari

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 7a, 12:07
Zestoako Gazte Asanbladako kideak atzo, herriko plazan egin zuten agerraldian. (Danbolin)

Joan den asteko udalbatzarrean EAJk egindako galderei erantzunez Mikel Arregi alkateak esandakoak "oso larriak" iruditu zaizkie asanbladako kideei.

Gaztetxearen lekualdatzea hizpide izan dute behin baino gehiagotan Zestoako udalbatzarretan, Gazte Asanbladak 2021eko irailean gaztetxea egun dagoen tokitik eliza ondoko Zentrora eramateko proposamena plazaratu zuenetik. Gaia hizpide izan zuten berriro joan den ostegunean, 2023ko aurrekontuak onartzeko ez ohiko udalbatzarrean. Han esandakoen harira, eta lekualdatzearen prozesuaz hainbat argibide emanez, agerraldia egin zuten atzo Gazte Asanbladaren kideek. Besteak beste, udalaren jarrera "guztiz salatu" dute Gazte Asanbladakoek, Zestoako Gaztetxearen lekualdatzea-eta "borondate eza" egotzita.

Gaztetxea egun dagoen tokitik mugitzeko proposamena Udal Gobernuak agintaldi honen hasieran egin ziela "azpimarratu" zuten atzoko agerraldian Gazte Asanbladakoek. "Kultur Etxerako pentsatuta dauden proiektuak gauzatzeko beharrezkoa dute egungo gaztetxea hustutzea. Zentroaren ideia mahai gainean jarri zitzaigunetik, asanbladak bere egin du gaztetxea herriaren erdigunera lekualdatzeko proiektua, Zentroko lokalean jartzeak alde guztien interes eta beharrei erantzuten dielakoan", argitu zuten.

Gaztetxea Zentrora eramatearen alde lanean hasi zirenetik Mikel Arregi alkatearekin harreman "etengabea eta zuzena" izan dutela azaldu zuten atzokoan, baina hartu-eman horietan aurkitu duten "traba burokratiko pila" eta "hasieran eskainitakoa lortzeko borondate erreal eza" nabarmendu zuten. "Udalak eta Elizak ezarritako denborak errespetatzeko borondatea" agertu duela dio Gazte Asanbladak, baina prozesua "gehiegi luzatzen" ari dela iritzita daude hango kideak. Egungo agintaldia amaitzear dela kontuan hartuta, "inoiz baino urgenteagoa" da asanbladarentzat gaztetxearen "auziari aterabide bat" ematea: "Zestoak gaztetxea behar du, eta hori bermatuta izan behar du agintaldia amaitu aurretik".

Kritikak eta gonbita

Urte eta erdira doan prozesuan aurkitu dituzten zailtasunak aipatuta, "Eliza eta udala espazioa eskuratzearen inguruan negoziatzen hastea lortu izana" ere nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Horrekin lotuta, joan den asteko udalbatzarrean alkateak oposizioari erantzunez adierazitakoekin "harrituta" daude Gazte Asanbladan, "gaztetxearen lekualdatze proiektua oposizioaren onespenik gabe ez zela gauzatuko esan baitzuen". Asanbladako kideentzat, adierazpenok "oso larriak" dira, "batetik, [alkatea] asanbladarekin harremanetan egon den denbora honetan guztian ez zaigulako inongo momentutan halakorik adierazi; eta, bestetik, erabaki horrek udalak proiektuarekiko duen borondate eza erakusten duelako". Aurrekontuak oposizioaren kontrako botoekin onartu dituen gisa, Udal Gobernuak Zestoako Gaztetxearen lekualdatzearen erabakia ere "aldebakartasunez har" dezakeela argudiatuta, "guztiz salatu nahi" ditu Gazte Asalnbladak udalaren "jarrera" eta jartzen ari zaizkien "traba burokratiko amaigabeak".

Udalean oposizioko talde bakarra den EAJren jarrerarentzat, berriz, kritikak eta gonbita izan zituzten atzo Gazte Asanbladakoek. Gaztetxea lekuz aldatzeko proiektuaren gaineko azalpenak emateko "prestutasuna aspaldi erakutsi" zietela, baina EAJkoen aldetik "inolako erantzunik ez" dutela jaso ekarri zuten gogora asanbladakoek; hala ere, agerraldia baliatu nahi izan zuten gonbita berritzeko, jeltzaleekin "biltzeko prest jarraitzen" dutela berretsiz. Bestalde, Gaztetxea Zentrora eramanez gero han kontzertuak emateko eragozpenen haritik Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak esandakoei erantzun zieten atzoko agerraldian: "Gure asmoa lokala lortu bezain pronto areto horretan egokitzapenak egiten hastea da, kontzertuak egiteko barne zein kanpo baldintza hobeak lortzeko eta inguruko bizilagunekin errespetuz jokatzeko. Beraz, Zentroak ezaugarri horiek izan arte ez dugu bertan kontzerturik antolatuko".