Zestoako lantegia itxi eta 61 behargin kaleratuko ditu GRI Castings enpresak, TS Fundiciones zenak

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 7a, 18:21
GRI Castingsen lantegia, Arroabeko Sansinenea industrialdean. (ELA sindikatua)

Ohar bidez eman du erabakiaren berri enpresak, azken urteetako "galera handiak" eta gaur-gaurkoz bere jarduna "bideraezina" dela argudiatuta. Arroako Sansinenea industrialdean dagoen galdategiak eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten ditu.

Arroako Sansinenea industrialdean duen lantegia itxi eta han lanean ari diren 61 behargin kaleratzeko lana erregulatzeko txostena aurkeztuko du GRI Castings enpresak, garai batean TS Fundiciones izandakoak. Ohar bidez jakinarazi ditu gaur zuzendaritzak bere asmoak, azken urteetako "galera handiak" eta gaur-gaurkoz bere jarduna "bideraezina" dela argudiatuta. Alde guztientzat "egokia" izango den akordioa lortzen saiatuko direla esan dute enpresaren arduradunek, eta horretarako gaur bertan hasi direla harremanetan langileen ordezkariekin.

Eolikoen sektorerako eta automoziorako piezak ekoizten ditu GRI Castingsek Sansineneako galdategian. Itxiera iragartzeko oharrean, "ekoizpen arazo larriak" hizpide izan ditu enpresak; haize errotentzako neurri jakin bateko piezak ekoizteko izan dituen zailtasunak aipatu ditu batetik, eta autogintzari dagokionez, Asiako ekoizleekin lehiatzeko ezintasuna. Arazo horiei aurre egiten ahalegindu dela adierazi du enpresak, produktu eta merkatu berriak bilatzen saiatu dela, baina ez duela egoera bere onera ekartzerik lortu.

TS Fundiciones zenaren oinordekoa da. 2014ko azaroan sartu zen konkurtsoan TS Fundiciones enpresa, eta 150 langilek galdu zituzten lanpostuak. Likidazio fasean, ordea, 2014ko otsailean sartu zen lantegia, eta orduan jakinarazi zuten itxi egingo zutela. 2016an, TS Fundicionesetik kalean gelditu ziren 150 langileetatik 120 bat langile GRI Castingsen hasi ziren lanean. Izan ere, 2015ean, TSren jabetza lehiaketara aterata, Gonvarri Renewable Industriesek erosi zuen hura, GRI Castings izenarekin berriro martxan jartzeko.