2023ko udal eta foru hauteskundeak

"Konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua" oinarri dituen hautes zerrenda aurkeztu du Zestoako EAJk

Ane Olaizola 2023ko mar. 29a, 10:18

Udal hauteskundeetarako EAJren hautagai zerrenda (Zestoako EAJ)

Hautagai guztiak "herrigintzan edo udalgintzan" aritutakoak direla azpimarratu du alderdiak, eta hainbat alorretan "eskarmentua" dutela gaineratu du, hala nola gizarte zerbitzuetan, arkitekturan, energian, kulturan, kirolean eta enpresen esparruan.

Datozen udal bozetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du Zestoako EAJk. Garikoitz Mendizabal buru dela, Montse Atxegak, Eva Mangasek, Dani Peñasek, Itziar Elorzak, Xabier Gallastegik, Karmelo Mendizabalek, Jacqueline Zunzunegik, Asier Mendiak, Rosa Irazabalek, Juan Mari
Aramendik eta Josetxo Mendizabalek (ordezkoa) osatuko dute hautes zerrenda, hurrenez hurren.

Jeltzaleen esanetan, "konpromisoa, umiltasuna eta eskarmentua" dira osatu duten taldearen ezaugarri nagusiak. "Zestoa ezagutzen dugu, herria eta bere auzoak maite ditugu. Ikuspegi zabala eta anitza dugu dauden beharren inguruan: bai erdigunekoak, baita auzoetakoak ere", esan du taldeak. Hautagai guztiak "herrigintzan edo udalgintzan" aritutakoak direla azpimarratu du Zestoako EAJk, eta "elkarlanean nahiz auzolanean sinesten" dutela gaineratu. "Konbentzituta gaude gauzak egiteko beste modu bat merezi dugula udalean: irekiagoa, zintzoagoa, eraikitzaileagoa eta apalagoa".

Taldearen ustez, herritarren "aniztasuna errespetatuko duen kudeaketa eraginkorragoa" behar dute zestoarrek, eta horretarako, hainbat arlotan "eskarmentua" duten pertsonez osatu dute datorren agintaldirako taldea, hala nola gizarte zerbitzuetan, arkitekturan, energian, kulturan, kirolean eta enpresen esparruan. "Zestoak aurrera egiteko behar duen taldea dugu, eta horretarako lan egingo dugu", esan dute.