Bozkatu daitezke jada aurrekontu parte hartzaileetako proiektuak

Intza Trula 2024ko api. 17a, 17:30
Aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak aurkezteko batzar irekia, udaletxeko areto nagusian. (Zestoako Udala)

Lehen fasean aurkeztutako 35 proposamenetatik eskatutako ezaugarriak betetzen ez zituztenak baztertu ditu Zestoako Udalak, eta hamabost igaro dira bozketa fasera. Herritarrek maiatzaren 5era arte izango dute boza emateko aukera.

Zestoako 2024ko aurrekontu parte hartzaileen prozesua bozketa fasera igaro da, eta herritarrek maiatzaren 5era arte eman dezakete boza bigarren fase honetara iritsi diren proiektuen artean. 60.000 euro zertarako erabili erabakitzeko prozesuan 35 proposamen jaso zituen Zestoako Udalak otsailean, eta orain, eskatutako ezaugarriak betetzen ez zituztenak prozesutik kanpo utzita, hamabost dira bozketa fasera igaro direnak.

Honakoak dira bozkatu daitezkeen proiektuak eta bakoitzaren balorazio ekonomikoa:

  • Aizarna: Txakurrentzako kaka lekua: 3.908,30€
  • Aizarna: Aizarnako frontoia ixteko lanei jarraipena eman: 8.018,98€
  • Aizarna: Suteetarako mahuka erosi: 1.563,45€
  • Arroabea: Arroabeko pilotalekuari atea jarri, neguko hotzetik babesteko: 12.227,98€
  • Herrigunea: Iraeta eta Zestoa arteko bide berdeko tuneletan lurzoruan hormigoia jarri: 14.995,17€​​​​​
  • Herrigunea: Lau Iturriren eta Bainuetxeko geltokiaren artean dagoen argiteria hobetu: 14.913,25€
  • Herrigunea: Laranjadi plaza txukundu: 14.746,70€
  • Herrigunea: Hutsik edo egoera txarrean dauden loreontzietan landareak jarri: 6.413,00€
  • Herrigunea: Zine foruma Euskaraz antolatzeko eta bestelako emanaldietarako proiektore finko bat eta pantaila handiago bat jarri Kultur Etxean: 4.295,50€
  • Herrigunea: Uztapide plazako haur parkearen eraberritzearen bigarren fasea garatu, haurrek jolasteko elementu gehiago jarrita: 13.918,17€
  • Herrigunea: Herri bideak garbitu: 5.263,50€
  • Herrigunea: Bi erraldoi erosi: 13.310,00€
  • Iraeta: Iraetako frontoia itxi: 13.487,62€
  • Iraeta: Iraetako kale argiztapena hobetu: 12.157,11€
  • Iraeta: Iraetako Kultur Etxera igotzeko atea ipini eta altzariak erosi: 6.134,10€

Boza emateko beharrezkoa da 16 urtetik gora izatea eta Zestoan erroldatuta egotea. Halaber, norbanako bakoitzak gehienez bi proiektu bozka ditzake, eta bakarra izan daiteke bera bizi den auzokoa –bigarrenak beste auzo batekoa izan behar du–. Hala, herritarren boto gehien dituen proiektua izango da lehen hautatua, eta bigarrena bozka kopuru gehien dituen beste auzo batekoa izango da. Auzo bererako ez da bigarren inbertsiorik aukeratuko, beste auzo guztietan, gutxienez, inbertsio bat egingo dela bermatu arte.

Horrez gainera, bozka kopuruaren arabera aukeratutako inbertsioaren zenbatekoak 60.000 euroko muga gainditzen badu eta auzo horretan muga gainditu gabe beste inbertsio bat egin badaiteke, lehen aukera baztertu eta bigarren hori izango da hautatua, bozka gutxiago jaso arren.

Bozka www.zestoa.eus webgunean edo udaletxeko harrera buelgoan egin daiteke, maiatzaren 5a baino lehen.